16Feb

Fondo Formación Euskadi eta Gizarte-berrikuntza

innovacion-social

Jakin badakigulako landu beharreko etorkizun-aukerak direla abaguneak, Gizarte-berrikuntza egitasmo-zorroan sartu eta haren alde egin dugu FFEn. Gure apustua oraintxe bertan hastapenetan dago. Ingurua miatzen hasi gara; izan ere, mugetako lurraldetara doazen ibilaldiak elkartu nahi ditugu, gertuko lekuetara jauzi txikiak eta jarduera berrietara jauzi ausartak eginez.

Bidean ez gaude bakarrik. Aliatu handiak ditugu.

Otsailaren 4an, Innobasqueko Gotzon Bernaola eta Goizalde Antxutegi inspirazio-iturri izan ziren, gizarte-berrikuntzari buruz azaldu ziguten euren ikuspegiarekin. Izan ere, badago iritzi partekatu bat: ez dago partekatzen den iritzi bat. Badago zerbait eztabaidaezina: nonahiko terminoa da diskurtsoetan eta estrategietan. Badago intuizio zabaldu bat: gaur egungo krisiak balio izan du, gizartearen, ingurumenaren eta ekonomiaren erronka handiekin batera, modu sortzailean eta positiboan erantzunak asmatu eta inkubatzeko estimulua izan dadin.

Gotzon eta Goizalderekin ondorio batzuk atera ditugu: gizarte-berrikuntzak bere baitan hartzen ditu gizarte-arloari lotutako baliabideak -prozesua, zelan egin-, helburuak -zertarako egin- , eta zer egin eta zergatik egin. Ekiten ari diren ideia berriak dira horiek, gizartearen beharrak asetzeko, harreman berriak sortzeko eta emaitza hobeak eskaintzeko. Hain zuzen, gizarte-berrikuntzak balio du gizartean gutxi asebete, edo asebete ez, diren eskaerei erantzuna emateko, baina kutsu proaktibo garbi bat ere badauka: giza ongizatea, asmo handiko helburua. Gehiago eta hobeto, gutxiagoarekin.

Ikuspegi berri hori beharrezkoa duten erronkak, berriz, askotarikoak dira: hasi erronka demografikotik eta komunitate baten joera berrietara; hasi pobrezia eta bazterketatik eta osasun eta ongizatera; ingurumen-joeretatik hezkuntzara, ondasun eta zerbitzu etikoetara. Pertsonak ardatz hartzen dituen ikuspegia behar dute horiek guztiek: pertsonentzat, pertsonekin eta pertsonengandik abiatuta.

FFEn lagundu gura dugu erronka horiei bidea ematen, pertsonei, erakundeei eta lurraldeei ikaste-esperientzia eraldatzaileak eskainiz. Beste era batera. Beste ikuspegi batekin. Lankidetzan aztertu nahi ditugu etorkizuneko aukeretara hurbilduko gaituzten erantzun berriak.

Javier Riaño
Berrikuntza eta Egitasmoak FFEn

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *